Erakundeen arteko lankidetza BEIren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du.

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du

Kargarako guneak 16.000 metro koadro hartuko ditu, eta markesinak, panel fotovoltaikoak, lantegia, aldagelak, bulegoak eta biltegia izango ditu

Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira BEIren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko. Kargatze geldoko sistema horrek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Bai Udalak bai Aldundiak kopuru horren % 17 jarriko dute, hau da, 1.032.924,70 euro erakunde bakoitzak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 65 jarriko du, hots, 3.836.577,48 euro. Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du proiektua garatzeko behar den hitzarmena sinatzea. Gasteizko Udalak 600.000 euro ordainduko ditu 2020ko aurrekontuaren kargura, eta 432.947,70 euro, 2021eko kontuen kargura.

Gorka Urtaran alkateak erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, eta gogoratu du BEI 2021eko udan jarriko dela martxan. “Horrek iraultza ekarriko du hiriko garraio publikoan”, azaldu du Gasteizko alkateak.

2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Gasteiz hirian BEI ezartzeko sinatutakoaren osagarria” izeneko dokumentua. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea zen, hiria BEI sistemaz hornitzeko. Besteak beste, BEI sistemaren kargatze geldoko sistema hartuko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea.

BEIrako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala.  Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira. Jarduera hori abian jartzeko zigilatuko dute hiru erakundeek proiektua finantzatzeari dagokion osagarritasun-hitzarmena, eta horri esker, Gasteizko Udalak 2020an lizitatu ahalko du obra.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursail batean jarriko dira kotxetegi berriak, zeinak 52.000 m2 baititu. Horietatik, 16.000 m2 BEIren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean.  Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEIren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Azpiegitura horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa.