Udal mintegia izandakoaren eraikinak eraisteko lanak esleitu ditu gobernuak, non udal garraio elkartearen instalazioak, eta bulegoak eraikiko baitira.
Urtaranen gobernuak beste urrats bat egin du gaur BEIren garajeak hartuko dituen lursaila prestatzeko lanetan. Epe luzeagora, Tuvisako instalazioak eta bulegoak lekuz aldatuko dira bertara. Gobernu Batzordeak Orizon Constructora y Medio Ambiente S.L. enpresari esleitu dizkio orain arte udal mintegia izandakoaren eraikinak eta instalazioak eraisteko lanak, 96.354 euroko aurrekontuarekin eta 8 asteko epearekin.
Kontratuaren bitartez, behar diren elementuak eraitsiko dira haztegiaren lursailean, gerora TUVISAren kotxetegiak instalatzeko. Zehazki, eraikin hauek eraitsiko dira: etxebizitza/bulegoa, ibilgailuak gordetzeko hangar bat, erabilera askotarako nabe bat, egurra eta bestelakoak gordetzeko teilape bat, berotegia eta etxola bat
Haztegiko baso zabala ia osorik utziko da, hiriko azpiegitura berdearen barruan, ingurumen balioa baitu. Haztegian zeuden landareei dagokienez, berriz, Parke eta Lorategien Zerbitzua horien zati bat hiri osoan landatzen aritu da azken hilabeteetan, haztegiko bolumena jeitsiz. Beste guztia Olarizuko ingurumen parkera eta lorategi botanikoko baratzeetara eramango da. Etorkizunean han garatuko da udal haztegia.
BEIren kargatze-unitate funtzionala aipatutako lursailean eraikitzeko erakundeen arteko lankidetza sinatzea onetsi zuen Udalak; kargatze geldoko sistemak 5,6 milioi euroko inbertsioa izango du. BEIrako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira.
Kotxetegi berriek 52.000 m2 hartuko dute. Horietatik, 16.000 m2 BEIren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.
Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEIren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.
Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Bigarren fase horren horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa