BEI-autobus elektriko adimentsuaren etorrera gero eta hurbilago dago. Lanek aurrera jarraitzen dute hiri osoan, eta zerbitzua emango duen ibilgailuak ere probatan jarraitzen du; larunbatean, gainera, beste mugarri bat jarriko da Gasteizko garraio iraunkor berria ezartzeko bidean Izan ere, bihar bertan hasiko dira erabiltzen BEAren lehen markesinak, Zumakadi ibilbidean, Tomás Alfaro Fournier kaleko unibertsitate egoitzaren parean.
‘Hegoalde’ izeneko bi markesina berriak aurrez aurre daude, eta TUVISAren 2 lineari emango diote zerbitzu BEI behin betiko ezartzen den arte. Geltoki berriek L2A lineako ‘Zumakadi 15’ eta L2B lineako ‘Zumakadi plazatxoa’ geltokiak ordeztuko dituzte, eta horiek behin betiko desagertuko dira. Geltoki berriak zaharretatik metro gutxi batzuetara jarri dira, BEA modeloko markesinak baliatuz.
Goi mailako irisgarritasuna eskaintzen diete pertsona guztiei, espaloiaren eta ibilgailuaren arteko distantzia nabarmen gutxitzen duten plataformak baitituzte. Erabiltzaileek geltoki berrietan nabarituko duten aldaketetako bat da hori; markesina moderno eta zabalak dira, eta informazio-sistemak ere nabarmentzekoak dira.
“BEI-a gero eta gertuago dago. Orain beste urrats bat eman dugu, Tuvisako 2. linean markesina berriak estreinatuz. Geltoki irisgarriagoak, modernoagoak eta bidaiarientzat erakargarriagoak dira. Eta BEIa martxan dagoenean, gainera, bere ahalmen teknologiko guztia eskainiko dute” azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidenteak.
BEIren geltokiak
BEIren geltokiek oso berrikuntza garrantzitsuak dakartzate gaur egungo autobus-geltokien aldean. Hiru tamaina ezberdinetakoak izan daitezke, handiak, ertainak edo txikiak, baina guztietan birkargatu ahalko da BAT txartela, eta tiketa erosi. BAT txartela balidatzeko gune bat ere izango dute, tranbian bezala. Berez, ezinbestekoa izango da tiketa erostea edo txartela balidatzea BEAra igo aurretik, barruan ezinezkoa baita.
Dena den, makinak ez dira funtzionatzen hasiko BEI ezarri arte, hau da,TUVISAren L2 linearen geltokia izaten jarraitzen duen bitartean, ohiko autobus-geltokiak bezala funtzionatuko du; hurrengo ibilgailuaren etorrera iragartzen duen sistema ere ez da martxan egongo
Datozen asteetan, BEIren markesina gehiago instalatzen joango dira, zeinak Hegoaldekoak bezala erabiliko baitira, hots, L2 linearako, eta oraindik ez da martxan jarriko BEIrako teknologia. Hiru geltoki mota izango dira:
–GELTOKI HANDIAK: BAT txartela erosi ahalko da horietan. Bidaia baterako tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera ere izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.
– GELTOKI ERTAINAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, eskudirutan edo banku-txartelez
– GELTOKI TXIKIAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, baina banku-txartelez bakarrik.
Hegoaldeko geltokiak azken motakoak dira. TUVISAk dagoeneko ohartarazi die inguruko auzokoei geltokien behin betiko kokapenaz.