Segurtasun-sistema inteligenteak izango dituzte BEIren ibilgailuek, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu

Nabarmentzekoa da talken prebentziorako ‘Mobileye’ sistema, zeinek, inteligentzia artifiziala dela medio, egoera arriskutsuez ohartaraziko baitie gidariei

BEI Segurtasun Sistemak Dosierra

Gasteizen BEI martxan jartzea gero eta gertuago dago. 9 milioi euroko udal-inbertsioarekin, puntako teknologiako 13 ibilgailu elektrikok hiriko 14 auzo lotuko dituzte eta TUVISAren 2. linean zerbitzua emango, 3 milioi erabiltzaile izateko potentzialarekin. Mugikortasun-sistema iraunkorra izango da autobus elektriko inteligentea; berritzailea, eskuragarria eta segurua. Gainera, segurtasun-sistema inteligenteak izango ditu, eta gidaritza automatikoa, zeinek autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzen direla bermatuko baitu.

Irizar E-Mobility euskal enpresak egindako 13 unitateek izango dituzten zenbait berritasun aurkeztu dituzte gaur goizean Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta TUVISAko lehendakari Raimundo Ruiz de Escuderok eta Udalaren garraio-sozietatearen kudeatzaile María José Ajuriaguerrak, BEIren lau ezaugarri nagusietako biri, irisgarritasunari eta segurtasunari, dagokienez.

Izan ere, segurtasun- eta gidaritza-sistema aurreratuak izango dituzte ibilgailuek. Horien artean, nabarmentzekoa da talken prebentziorako ‘Mobileye’ sistema, zeinek, inteligentzia artifiziala dela medio, egoera arriskutsuez ohartaraziko baitie gidariei, modu akustiko eta bisualean. Ingurune dinamikoa etengabe ikuskatzen duen kamera-sistema bati konektatuta egongo da aparatua, eta piztu egingo da, eta soinu-alerta bat igorriko, aurrez aurreko talka egiteko nahiz oinezko edo ziklistak harrapatzeko arriskua egokitzen delarik. Praktikan, istripua gertatu baino lehen abisatuko du, eta, horrenbestez, gidariari denbora emango, erreakzionatzeko.

Oharkabean erreitik ateraz gero, BEIren ibilgailuek ohartarazi egingo diete gidariei, baita gainerako ibilgailuekiko segurtasun-tartea gordetzen lagundu ere. Orobat ohartarazi diete gehiegizko abiaduraz, eta automatikoki ezagutuko trafiko-seinaleak. Gainera, autobusek kamera digitalak izango dituzte atzerako ispiluen ordez, eta horrek ikuseremua hobetuko du, eta aukera emango BEIren inguruan jartzen diren erabiltzaile guztiak ikusteko, inongo oinezko ez dadin egokitu gidariak ez ikusteko moduan.

Ibilgailuetan ez ezik, seinaleztapenean eta bide-marretan ere egin ditu hobekuntzak Udalak, BEIren ibilgailuen segurtasuna areagotzeko. Hain zuzen ere, garraio publikoaren sistema berri hori igaroko den 61 bidegurutzeetatik 14etan, lehen semafororik ez zegoen lekuetan, izango da aurrerantzean. Eta bidegurutze horietatik 29tan lehen baino semaforo gehiago izango dira.

Aldi berean, oinezkoek lehentasuna izango ez duten igarobideak identifikatu dira, marka berde eta zuriekin, eta sakagailua duten 40 seinale jarri, itsuei BEIren presentziaz ohartarazteko. Era berean, argi-abisuak jarri dira, eta seinaleztapen osagarria izango da bizitegi-kaleetan, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten. Eta BEI datorrela ohartarazteko kanpaia-hotsa tranbiek erabiltzen duten bera izango da.

 

Tartea murriztea

BEIren ibilgailuek izango duten beste hobekuntza bat gidatze automatikoko sistema izango da, zeinek aukera emango baitu autobusen ate guztiak nasatik 4 zentimetro baino gutxiagora gerturatzeko. Ibilgailu arruntetan, 12 eta 19 zentimetro artekoa izan ohi da tarte hori. “Erabiltzaileei, autobusera igotzeko orduan, askozaz ere zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen digu horrek”, azaldu du TUVISAko kudeatzaile María José Ajuriaguerrak.

Ate guztietatik sartu ahal izango da BEIra. Eta horrek ere laburtuko du bidaiariak hartu eta uzteko denbora.