Gasteizko herritarrak BEIra igo ahal izan dira lehenengoz, ibilbidearen zati bat egin eta bide osoan zehar eskainiko dituen abantailak ezagutu. Mugikortasunaren Europako Astearen barruan eman da aukera ibilgailua martxan eta errei esklusiboen eta semaforo-lehentasunaren onurak ezagutzeko, ‘Hiria nire autoa gabe’ egunarekin bat, zehazki.
BEI garraio-sistema jasangarriagoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa izango da. Udalak 9 milioi euroko inbertsioa eginda, puntako teknologia izango duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo elkartuko dituzte. TUVISAren 2. linean eskainiko dute zerbitzua, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa du.
“BEI iraunkorragoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango da. Eta hurbilago dago egunetik egunera. Irrikan gaude herritarrek probatzerik izan dezaten. Gaur bertan, Mugikortasunaren Astearen barruan, zenbait bidaia mugatu eta gidatu antolatu ditugu, lekua erreserbatuta. Lekuak beteta daude. Eta oso laster ikusi ahalko dugu funtzionatzen gure kaleetan, TUVISAren 2. linean zerbitzu ematen“, azaldu du alkateak gaur goizean.
Lehenengo bidaiak El Boulevardetik Mendizorrotzeraino joan dira. Ibilbidean BEIak aurki ditzakeen bidegurutze eta egoera mota guztiak ezagutu ahal izan dira, baita funtzionamenduan dagoenean izan ditzakeen abantaila guztiak ere, semaforo-lehentasunari eta errei esklusiboei esker. Orobat, TUVISAk aukera baliatu du balioztatzeko makina berrien funtzionamendua eta geltokien irisgarritasuna erakusteko. Esperientzian parte hartu duten herritarrek, berriz, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute ibilgailua, baita abantaila guztiak ere.