BEI ezartzeko prozesuak beste pausu bat emango du, bidaiariekiko lehenengo probak eginez

Ibilgailu berriek entseguak egingo dituzte gaurtik aurrera, denbora-tarte laburretan eta erabiltzaile bolumen txikiena dagoen orduetan

 

Gero eta denbora gutxiago falta da autobus elektriko inteligentea martxan jartzeko. Izan ere, Gasteizko garraio publikoko sistema berriaren ezarpenak beste mugarri bat beteko du gaur, bidaiariekiko lehenengo probak egingo baitira. Gaurko egunez hasiko da TUVISA L2 linearen erabiltzaileak BEI ibilgailuetan garraiatzen, doan eta eguneko ordu jakin batzuetan soilik. Estres-proba deritzen horiei esker, autobusen eta integratutako sistema guztien portaera ingurune erreal batean ezagutu ahalko da. Gasteizko Udalaren aurreikuspenen arabera, entseguen erritmoa areagotu egingo da datozen asteetan.

“Proba horiekin, gaur beste urrats bat egin dugu BEI martxan jartzeko bidean, TUVISAk lehen aldiz garraiatuko baititu bidaiariak ibilgailu berrietan. Entsegu horiek aukera emango digute autobusen funtzionamendua eta teknologia egiaztatzeko mugikortasun-sistema behin betiko estreinatzeari begira, eta sor daitezkeen desoreka txikiak leundu ahal izango ditugu. Ilusioz beterik gaude, BEI mugarria izango baita TUVISAren eta Gasteizen modernizazioan”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Lehenengo egunetan, BEI ibilgailuak denbora-tarte laburretan hasiko dira zerbitzu ematen 2. linean, betiere haraneko orduetan, hau da, bidaiari gutxien dabiltzan orduetan. Proben emaitzen arabera, ibilgailu berrien funtzionamendu-denbora areagotu eta luzatu egingo da.

Garrantzitsua da kontuan hartzea BEI sistemaren abantaila guztiak ez direla aktibo egongo hasiera-hasieratik. Hala ere, abian jarriko da semaforoetako lehentasuna, eta hainbat alderdi egiaztatu ahalko dira: ibilgailu berri eta modernoetatik eratorritako erosotasuna, gidatzeko laguntzak, bereizitako erreiek eskaintzen duten azkartasuna eta BEIren osagai teknologiko eta berritzailearen zati handi bat.

Erabiltzaileek ez dituzte bidaiak ordaindu beharko. BEI ibilgailua L2 lineako ibilgailu arrunt bat agertzea aurreikusita dagoen geralekura hurbiltzen denean, gidariak adieraziko die bidaiariei BEIra sar daitezkeela. Probaldia izanik, ez da zerbitzua kobratuko.