Bus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari, berriki martxan jarri delarik

 

Hurrengo urteetan BEI linea bat ezartzea aurreikusten du Donostiako Udalak

 

Bus elektriko inteligentea erakutsi dio Gasteizek Donostiari gaur goizean, garraio-sistema berria martxan jarri zenetik bigarren astea beteko den honetan. Arabako hiriburuan egindako topaketa batean, bi udalek duela urte batzuetatik mugikortasun-eredu iraunkorrago, osasungarriago eta berritzaileago baterantz egiten duten ibilbideari buruzko hausnarketak partekatzeko aukera izan dute bi hirietako alkateek, Gorka Urtaranek eta Eneko Goiak.

Izan ere, Donostiako Udalak ere bus elektriko inteligentea ezarriko baitu DBus-en 17. linean, hurrengo urteotan. Martxoaren 1ean jarri zen martxan BEI Gasteizen, 7 autobusekin. Hurrengo asteetan osatuko da flota, 13 izateraino.

Goiz osoa iraun du lanaldiak. Lehen orduan, bilera tekniko-politiko bat egin da, eta Raimundo Ruiz de Escuderok eta Pilar Aranak —Gasteizko eta Donostiako mugikortasun-zinegotziak—, TUVISA eta DBUSeko arduradun María José Ajuriaguerra eta Igor Gonzálezek eta bi erakundeetako hainbat teknikarik parte hartu dute bertan. Ondoren, bi ordezkaritzek hainbat bidaia egin ahal izan dituzte BEIn, abantailak bertatik bertara ikusteko.

 

“Gasteiz eta Donostia apustu garrantzitsua egiten ari dira etorkizuneko mugikortasunerako trantsizioaren abangoardian egoteko. Eta topaketa honek informazioa eta estrategiak partekatzeko balio digu. Gasteizko Bus Elektriko Inteligentea ezartzeko esperientzia, gainera, etorkizunean Donostian abian jarriko den BEIrako ikaskuntza izan daiteke”, azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

“Vitoria-Gasteiz erreferente da hiri-garraio jasangarri eta eraginkorrean. Horretagik, gaur etorri gara ezagutzera martxan dagoen Bus Elektriko Inteligentea. Espero dugu laster gure hirian ere errealitate izatea. Izan ere, Donostia garraio publikoaren ereduaren eraldaketa prozesuan murgilduta dago. Eta helburua da, jasangarriagoa eta garbiagoa izatea. Prozesu horretan besteak beste, aurreikusita daude Bus Elektriko Inteligentea ezartzea, topoaren zabaltzea igarobidearen bidez edo hiri-mugikortasun jasangarriaren planaren barruan dagoen Datorren Donostia estrategia garatzea”, adierazi du Donostiako alkate Eneko Goiak.

 

Sistema iraunkorragoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa da BEI. Puntako teknologiako 13 autobus elektrikok Gasteizko 14 auzo lotzen dituzte dagoeneko, TUVISAren lehengo 12. linean. Guztira 3 milioi erabiltzaile izateko potentziala du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa izan du. Web-orri honetan aurki daiteke BEIri buruzko informazioa: www.bei.eus.