Bus Elektriko Iraunkorraren maiztasunak 7 minutura hobetuko dituzte astelehenetik aurrera

Bus Elektriko Iraunkorrak bere zerbitzua hobetuko du astelehenetik aurrera, garraio publikoaren abiadura komertziala optimizatzeko urrats berri bat emanez. Egun horretatik aurrera, BEI linea horren maiztasunak gaur egungo 8 minututik 7 minutura arte hobetuko dira. “TUVISAk barne mailako doiketa txikiak eta probak egiten asteak eman ondoren hartu du erabakia. Proba horien emaitzak onak izan dira”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero udal garraio elkarteko presidenteak. Horrela, lehen 50-55 minututan egiten zen itzuli oso bat, orain 35 minututan egingo da.

Gasteizko garraio-sistema berriak, gainera, TUVISAren gainerako lineekin alderatuta, emaitza onak izan ditu erabiltzaileei dagokienez. Hala, garraio arloko udal-enpresaren guztizko eskaintzarekin lotutako erabilera-datuak, 2019ko hilabete bereko eskariarekin alderatuta, % 81 suspertu diren bitartean, BEI lineak % 93 berreskuratu du. Hain zuzen ere, BEIk 269.337 erabilera izan ditu maiatzaren 1etik 31ra bitartean.

Agintaldi honetan, Urtaranen kabineteak hiru ezaugarri hauetan oinarritutako mugikortasuna sustatu du: segurua, jasangarria eta osasungarria. Garraio publikoa elektrifikatzeko lanetan aurrerapauso esanguratsuak eman dituzte BEI eta Hegoaldera eta Salburura iristen den tranbiaren moduko sistema berriak ezarrita. Horiei esker, Gasteiz hiriko garraio publikoko erabiltzaileen % 50ek beren joan-etorriak ibilgailu elektrikoan egiteko legealdi honetarako ezarritako helburua lortzear da. Bestalde, duela gutxi lizitatu dute TUVISAren garajeen bigarren fasea. Horri esker, garraioen udal-enpresak beste 20 ibilgailu elektriko biltegiratu ahal izango ditu.

Mugikortasunarekin aurrera jarraituta, baina oraingoan segurtasunean zentratuta, Udal Politikari buruzko Eztabaida Orokorrean alkateak nabarmendu duenez, Udala egunotan zirkulazioarekin lotutako ekimen batzuk bideratzen ari da: ikastetxeen inguruneetan zirkulazioa arintzeko neurriak, eguzkilore kaleak ezartzea, 30 guneak, superetxadiak; gainera, bizikletaren erabilera bultzatzen ari dira (2019tik Gasteizko bidegorrien sarea 20 kilometrotan handitu dute).