Portugaleko Braga hiriko ordezkaritza bat Gasteizera etorri da Autobus Elektriko Adimenduna ezagutzera

  • Bragako Hiriko Garraioen (TUB) enpresak BRT sistema ezartzeko interesa erakutsi zuen Go Mobility azokan, eta Arabako hiriburuko bisita teknikoa bi egunekoa izango da

Portugaleko Braga hiriko udaleko ordezkaritza bat Gasteizen dago bisitan gaurtik. Zehazki, udaleko politikariek eta Bragako Hiriko Garraioen enpresako teknikariek osatutako talde bat Arabako hiriburura etorri da TUVISAren funtzionamendua ezagutzera, eta, batez ere, Autobus Elektriko Adimenduna (BEI) ezartzera.

Gorka Urtaran alkateak bi hiriek izan duten lehen bilera teknikoan hartu du parte. Halaber, Raimundo Ruiz de Escudero  Mugikortasun eta Eremu Publikoko zinegotziak eta TUVISAko presidenteak, María José Ajuriaguerra TUVISAko gerenteak, Saray Zarate Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren arloko koordinatzaileak eta Ainhoa Etxeandia Mugikortasun eta Espazio Publikoko zuzendariak ere harrera egin diete Portugaleko ordezkariei.

Gaur goizean, BEIren ezarpenaren xehetasun guztiak ezagutu ahal izan dituzte, bai eta antolaketaren egitura eta garraioaren udal-enpresaren funtzionamendua ere. Halaber, aukera izan dute Autobus Elektriko Adimenduna zuzenean ikusteko eta ibilbide osoa egin dute, Boulevardetik hasita. Bihar beste lan-saio bat izango da eta BEIren sistema teknikoei buruzko informazio gehiago eskainiko zaie.

Gasteizek eta Bragak apirilean Ficoban egin zen Go Mobility azokan izan zuten topaketaren emaitza izan da bisita. Foro horretan, Portugaleko hiriak interes handia erakutsi zuen Gasteizen ezarritako Autobus Elektriko Adimendunaren xehetasunak ezagutzeko.