Autobus Elektriko Inteligentearen flotak TUVISAren instalazio elektriko berriak estreinatu ditu

BEIren 13 ibilgailuek bart gauean egin dute ‘lo’ lehen aldiz Zadorra hiribideko azpiegituran.

 Autobus Elektriko Inteligentearen flota % 100ean elektrikoak diren azken belaunaldiko 13 ibilgailuk osatzen dute eta dagoeneko TUVISAren instalazio elektriko berrietan kargatzen eta ‘atseden hartzen’ ari dira (Zadorra hiribidean). Aste honetan, BEIren linea berrian zerbitzua eskainiko duten autobus guztiek eman dituzte haien lehen gauak kargako Unitate Funtzionalean. Izan ere, instalazioen lehen fasea eraikitzeko obrak amaituta daude eta, aldiz, bigarren faserako lanak udatik daude martxan.

“Pozik gaude TUVISAk Elektromugikortasuneko Zentro berriaren lehen fasea erabilgarri duelako eta instalazio horiek martxan jartzea BEIren proiektuari amaiera bikaina emateko baliagarria izango delako. Agirrelandako garraioetako udal-agentziaren instalazioetan kargak egiten hilabeteak eman ondoren, 13 ibilgailuak haien etxe berrira eraman ahal izan ditugu: zerbitzu bikaina eskainiko duen espazio modernoagoa eta erosoagoa da”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak eta TUVISAko presidenteak, Raimundo Ruiz de Escuderok. Zinegotziak “historikotzat” jo du instalazio berriak estreinatu izana eta, horrekin lotuta, gogorarazi du “bigarren fasea eraikitzen ari direla ondoko lursailean Next Generation EU funtsei esker”.

Kargako Unitate Funtzionalaren lehen fasea eraikitzeko proiektuak 4,3 milioi euroko inbertsioa izan du (Eusko Jaurlaritzak ordaindu du % 65 eta, Aldundiak eta Udalak aldiz, bakoitzak % 17). Instalazioek 16.000 m2 inguruko azalera dute eta egitura handiekin estalitako guneak, autobus elektrikoak gorde eta kargatu ahal izateko markesinen azpian dauden aparkalekuak, mantentze-lanak egiteko erabilera anitzeko eremua, garbiketa-tunela duen gune bat eta langileentzako egoteko eremuak dituzte. Ingurune guztia urbanizatu, perimetroa jarri eta argiztatu da.

Urrian zehar, BEI izan da TUVISAk 2019an izandako erabilera-zifrak gainditu dituen linea bakarra. Erabileraren batezbestekoa % 103,19koa izan da eta hilabetean izandako eguraldi ona ikusita, datuak oso positiboak izan direla esan dezakegu.