TUVISAren instalazio berriak Euskadiko mugikortasun elektrikoaren erreferente gisa finkatu dira

Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Elektromugikortasuneko Zentroaren obren bigarren fasea izaten ari den aurrerapen ona egiaztatu dute.

Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranen adierazpenak (mp3)

TUVISAren Elektromugikortasuneko Zentroa Zadorra hiribideko haztegi zaharrean dago kokatua, eta errendimendu betean dago dagoeneko Autobus Elektriko Adimendunaren (BEI) operazio-nukleo gisa. Bidaiari gehien dituen (3,1 milioi baino gehiago 2022an) garraio publikoaren lineari zerbitzua ematen dioten azken belaunaldiko 13 ibilgailu % 100 elektrikoak errendimendu betean daude dagoeneko eta Euskadin mugikortasun elektrikoaren arloan erreferente diren instalazioetako kargak eta mantentze-lanak egiten dituzte.

Bertatik bertara egiaztatu ahala izan dute hori Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak. Instalazioak bisitatu dituzte hirurek errendimendu betean dagoenetik lehen jarduera-hilabetea igarota.

TUVISAko Elektromugikortasun Zentroak 16.000 metro karratu inguru ditu egun (aurreikusita dauden 52.000tik), karga-eremuaren eta autobus elektrikoen aparkalekuaren, mantentze-lanetarako erabilera anitzerako espazioaren, garbitzeko tunelaren eta langileak egoteko eremuen artean banatuta. Horrek guztiak 4,3 milioi euroko inbertsioa izan du (Eusko Jaurlaritzak ordaindu du % 65a, Foru Aldundiak eta Udalak, aldiz, % 17,5 inguru bakoitzak), eta Europar Batasunaren finantzaketa jaso du FEDER (REACT-UE) funtsen bidez. Obren bigarren fasea abian da abuztutik, eta Europako Next Generation EU funtsen laguntza jaso du.

TUVISAko Elektromugikortasun Zentroa abian jartzeak Gasteizentzat dakarren jauzi kualitatiboa baloratu du bereziki alkateak. Beste behin ere, garraio publikoaren arloko hiri-mugikortasunaren etorkizuna markatzen ari gara. Garraio modernoa, erosoa, isurpenik gabea eta herritarren beharrei erantzuteko gero eta prestatuagoa. Instalazio hauek erakundeok hiriari puntako mugikortasun-sistema eskaintzeko egin dugun apustu bateratuaren eta gasteiztar guztiek modu jasangarriagoan eta osasuntsuagoan lekualdatzeko egin duten apustuaren emaitza dira”,  baieztatu du Gorka Urtaranek.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak egindako esku-hartzean zorionak eman ditu BEI proiektuaren garapen osoarengatik eta proiektua ixteagatik, elektromugikortasunerako zentroa aurkeztearekin batera, eta argi utzi du Arabako Foru Aldundia erabat konprometituta dagoela mugikortasunaren eraldaketarekin, bai Gasteizen, baita Arabako lurralde osoan ere. Eta hirian, konpromiso hori bai BEIn, bai tranbian egin dugun lankidetza ekonomikoan islatzen da”. Halaber, adierazi du erakundeen arteko lankidetza eta hitzarmenak beren fruituak ematen ari direla, eta, horrela, Gasteizen eta Arabaren etorkizun oparorako ezinbesteko proiektu asko aurrera eramaten ari direla. Aurreko legegintzalditik aplikatzen ari garen arrakastaren formula lan irekia, elkarrekin hitz egindakoa eta lankidetza da; hau da, hitzarmen politikoak, erakundeen artekoak eta sozialak egin ditugu, Arabak aurrera egin dezan. Kasu honetan, leku jasangarri eta bizigarriagoa egitea izan da xedea, hiria eraldatuz eta zerbitzuak hobetuz”, berretsi du.

Loly de Juan  Garraio Azpiegituren zuzendariak honako hau adierazi du: “Eusko Jaurlaritzatik lanean ari gara Euskadin mugikortasun jasangarria finkatzeko, herritarrei garraio publikoaren sistema jasangarriak, efizienteak, irisgarriak eta guztiontzako eskuragarriak eskainiz. Gasteizen gure sailak garraio-mota hori ezartzeko BEIren eta tranbiaren bidez egin duen apustua agerikoa da. Gure asmoa da aurrera egitea ibilgailu kutsatzaileek garrantzia galtzen jarrai dezaten alternatiba berdeagoen mesedetan. Mugikortasun Legearen proiektuarekin bat datorren helburua da; izan ere, mugikortasun aktiboaren, garraio publikoaren sustapenaren eta barne mugikortasunaren alde egiten du”.

Autobus Elektriko Adimendunaren operazio-zentrora egindako bisitak aukera eman du bigarren faseko obren aurrerapenak ikuskatzeko. Lanak hasi zirenetik bost hilabete igaro dira, eta dagoeneko mugitu dituzte lurrak azpiegitura guztia bermatzeko oinarria egiteko. Saneamenduaren kanalizazioak eginda daude eta orain bide-zoruaren zati bat zabaltzen, zimendazioak egiten eta garajeen nabeko 2. moduluko habeak egiten ari dira, baita espazio horretan joango den eraikin elektrikoa zimendatzen ere.

Aldi berean, TUVISAren Elektromugikortasuneko Zentrora Zadorra hiribideko hegoaldeko galtzadatik sartzeko bigarren sarrera egiten ari dira eta garajeen nabeko 2. moduluaren estalkia eusteko metalezko egitura muntatzen.  Bigarren fasea amaitzean, garajeen nabeak bigarren modulua izango du aparkatzeko eta autobus elektrikoak kargatzeko, pantografo bidezko 20 hornidura-puntu elektrikorekin. Modulu horretan egongo da dagozkien tentsio ertain eta baxuko instalazioen eraikin elektrikoa.

Horrez gain, zentroko sarbide nagusiaren lotura hobetuko dute. Horretarako, mediana bat zabalduko dute eta gelditzeko errei bat eta azkartzeko beste bat egingo dituzte iparraldeko galtzadan, Zadorra hiribidearen iparraldean dagoen galtzada erabiliz instalazioetara sartzeko.

Elektromugikortasunerako Zentroaren bigarren fasea gauzatzeak 6.008.847,33 euroko inbertsioa izango du. Hurrengo faseetan aurreikusitako proiektu osoa gauzatuko dute, tailerretako azpiegitura osoa amaituko dute eta TUVISAren eraikin administratibo berria eraikiko dute.